Orratz magikoa

Published on 16 October 2024 at 18:10

Badirudi pertsona lodiak garestiegiak direla Erresuma Batuko osasun-sistemarentzat eta halaxe azaldu du Lehen Ministroa den Keir Starmerrek.

Batzuk, loditasunak eragindako gaitzak direla eta, beste langileek baino lau egun gehiago ematen dituzte bajan, batez beste, urtean. Beste batzuk, ordea, lanerako ezintasunak jota, prestazioa kobratzen dute edo lanposturik gabe gelditu dira enpresek kaleratu egin dituztelako, zuzen-zuzenean. Erretzaileek baino gastu handiagoa sortzen dutela ere adierazi du. Honatx, bada, gizartearen izurrite kutsakorrik handienak, txiroekin eta drogen menpe daudenekin batera. Gizarteak eskaintzen dituen produktuetan barneratzearen ondorio zigortzaileak.

Baina ez dute kezkatu beharrik Erresuma Batuko langabetu lodiek jada, orratz magiko mordoa dator-eta, haien haragizko elorrio lotsagarriak mehetzera. Ez lirainago egoteko, ez hobeto sentitzeko, ez; baizik eta bajan egon diren bitartean, NHSaren (National Health System) pototik jan eta jan aritu ondoren, potoa berriz betetzera deituak direlako.

Enpresa farmazeutikoen gerra ere hasi da, nonbait. Lilly eta Novo Nordisken arteko konpetentzia eta liskarrak, alegia, eta “nirea merkeagoa da eta zureak baino gehiago argaltzen du” horretan, ez dakit nik benetako interesa pertsona lodiek eragiten duten betiereko negozioan ez ote dagoen lanera itzul daitezen edo osasuntsuago egon daitezen baino gehiago. Esan gabe doa, osasun mentala ez dutela momentu batean ere aipatu.

Beraz, dilema berriak, orain, langabezian dauden lodientzat: Burger King ala McDonald’s? Mounjaro ala Wegoby? Hil ala iraun? Eta, lasai, Erresuma Batukoak ez ezik, beste etxe batzuetako tinbreak ere joten bai baitaki-eta kapitalismoak.

Add comment

Comments

There are no comments yet.