Bide zaharrak

Published on 19 October 2024 at 22:44

Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietako gaia bideen, sareen eta loturen ondarea izaten ari da, eta dagoeneko existitzen ez den mundu baten imajinarioa sortzera behartu dugu geure burua gaurkoan, ibilbide labur baina eder batean barrena, errege-bideei buruz zerbait ikastera hurbildu garenok.

Galtzadak, bideak, bidexkak eta andabideak imajinatu ditugu eta, hauen gainetik diligentziak, gurdiak, narrak, orgak eta, nola ez, andariak, senitartekoren baten hilotza sorbalden gainean, eleizara bidean, abadearen atzetik, kandelen argitan.

Aritu gara salgaiez, zurezko gurpilen abiadura motelaz, bideetako bentez, dorreez eta ermitez. Lapurrez. Hilketez. Eta pentsatu dut ez dela hainbeste denbora igaro harrez gero, baina gure mundutik izugarri urrun gelditu dela sasoi ilun eta umel hori. Transmisio hori guztia galdua dela. Bideak baino ez zaizkigula gelditzen.

Eta horretan ari nintzela, orduko biztanleen zailtasun, zoritxar, ezbehar, gerra eta ezintasun guztien gainean hausnarrean, galdetu diot neure buruari zerk desberdintzen gaituen gure arbasoen izatetik. Zerk esaten didan ez dugula guk geuk ere gerra bat pairatuko, edo eskasia, edo hilketa, zori bera, finean. Zerk egiten gaituen gu espezial. Zerk ziurtatzen digun salbatuak izango garela satsukeria eta lizunkeriatik. Zergatik izango ginatekeen gu salbatuak. Zer dela eta, gu, pribilegiatu kuttunak.

“Bere historia gogoratu ezin dutenak historia errepikatzera kondenatuta daude” esan zuenak ere bazekien zerbait. Etxera itzulitakoan albisteak irakurri ditut eta badirudi iparkorear armada Ukraina bidean dela jada. III. Mundu Gerraren hastapenak nabarmen ari omen dira ematen Ekialdeko Europan. Bidean dira, esan dute. Baina bideak, orain, lurrean lauzaz eta enkatxoz ez ezik, airean ere marrazten dira, misilez eta dronez. Eta galdetzen diot neure buruari zerk desberdintzen nauen berrogeita lau urteko ukrainar edo errusiar batengandik, israeldar edo gazatar batengandik, Gernikako plazan zegoen edozein emakumerengandik.

Erantzun epel, kontsolagarri eta antzu mordoa bila dezaket albo batera begiratuz, mugikorra eskuan, Wi-Fiaren seinalearen bila. Eta horrelaxe ahaztuko dugu geure bidea, nortasuna, orain ondarea deritzotena, ikasitakoak desikasteko neurrigabeko afan honetan barrena. Baina bideak ibiltzeko eginak badira, ezagut eta zain ditzagun ondo geure ingurukoak, bederen, zorigaitzaren enkatxoa behin eta berriz, behin eta berriz, konpontzen ibil ez gaitezen edo.

Add comment

Comments

There are no comments yet.