Ikastolako jolastokia zeharkatzen ikusten genuen egunero. Txandala jantzita, beti. Baloia eskuetan, beti, beti. Gu baino urte bat zaharragoa izanik, ez genuen inoiz traturik izan. Epa. Epa. Horixe zen guztia. Ezagunak bistaz eta izenez. Egun, mikrofonoa hartzen ikusten dugun bakoitzean, arnasa sakon hartzera behartzen gaitu eta ez du hutsik egiten, morroiak. Korapiloa sortzen zaigu eztarrian eta oilo-larrua jartzen digu haren mezu zehatz eta beharrezkoak.
Horixe du dohaina, Jagoba Arrasatek. Bere lana profesionaltasunaz egiteaz gain, ingurukoak motibatzea, akuilatzea. Nola? Emozionatuz. Nola, bestela! Irakasle batek badaki hori egiten —ona bada, behintzat— eta Jagobak soberan dakiela erakusten digu agerraldi bakoitzean, eta nire aldetik zintzoena futbolaz ezer ez dakidala onartzea izango litzatekeen arren, hurbiletik dakit eta esango dut arestian aipatutakoa egia dela eta jokatuko nuke futbol-teknikari bezala lortzen duena beste dohain hori erabiliz lortzen duela, futbol-teoriez, teknikez eta estrategiez bainoago. Iruñeako mozorro beltzaren atzean ez dagoelako inolako mozorrorik, bete-beteko pertsona baitugu Gasparrenekoa.
Beste behin ere, argi utzi digu, berriatuarrak: Euskarak eta Nafarroak elkarren beharra dute. Eta gogoratu dut, aspaldi esan zidala Miren Agur Meabek euskarak euskaldunak behar dituela, baina euskaltzaleak behar dituela gehiago, eta pentsatu dut, ideia biak fusionatzea litzatekeela ederrena eta esan, Jagoba gehiago behar duela, orokorrean, munduak.
Horregatik, ba, eta Errege bezpera dugun honetan, oinetakoei distira atera beharreko egunean, alegia, erabaki dut gogo biziz igurtziko ditudala, bai oinetakoak, baita euskara bera ere, eta saiatuko naizela hainbeste maite dudan hizkuntza hau hobetzen, irakasten eta, ondorioz, besteak hunkiarazten. Hori bai, laguntza beharko dut bide bihurgunetsu honetan eta babesa eta sostengua eskatu beharko dizkiet Errege Magoei, nahiz eta, eskatzekotan ere —eta barkatuko didazue hitz-jokoa— hiru erregeetatik, Gasparri eskatuko dizkiodan, zalantza izpirik gabe.
Add comment
Comments