Aurtengo Gabonetako Loteria Nazionalaren iragarkiko protagonistak Julian du izena eta urteko zozketa famatuan parte hartzeko dezimo bat erostera doalarik, administrazioaren parean kazetari batek dezimoa norekin partekatuko duen galdetzen dionean, Julianek erantzuten dio ez daukala norekin banatu eta harridura sortzen du kazetariarengan. Kamerak dena grabatu du eta irudiak laster egingo dira biralak. Julianen hitzek jendearen bihotza samurtuko dute, berak hala nahi gabe ere, eta herritarrek beren dezimoak harekin partekatzeko prest daudela adierazten duten bideo maitagarriak argitaratuko dituzte. Hunkigarria, zinez, iragarkia.
Hunkigarria, baita ere, Prestigen hondamendiaren aurrean ikusi genuena, bere sasoian, eta Valentzian, oraintsu. Izan ere, jendearen eskuzabaltasunak ez du inolako mugarik. Atsekabean lagun eta bide igarogaitzak jendez mukuru, herritarren ezin ordainduzko lanak eta borondateak eztitu dituzte, beste behin, kale gorrian gelditu direnen bihotz etsituak agintarien paralisi eta kudeaketa negargarria agerian utziz.
Baina Julian franko dago inguruan. Bakarrik bizi eta sentitzen den herritar gehiegi, alegia. Espainia hustuaren lur zabaletan zein hiri jendetsuetan. Eta zein da agintariek proposatzen dutena? Bihozbera izatea, patrikera irekitzea eta dezimoak masiboki erostea. Eta dezimoak erosi eta partekatzen ditugun bitartean, senitartekoekin, kuadrillakoekin, lankideekin, urtean behin ikusten dugun lagun horrekin, orain Julianekin ere bai… bakarrik bizi direnen egoera zaurgarriari konponbide estrategiko eta eraginkorra ematea ez dago, antza denez, soldatapeko agintarien egitasmoetan.
Hain zuzen ere, Espainiako gobernuak Gabonetako Loteriarekin batzen duen 3.500 milioi eurotik gorako dirutzatik, 2.500 milioi inguru banatzen ditu erosle batzuen artean. Baina, kontu! Ogasunak txokolatezko pastelaren zati bat erreklamatuko baitio, zorte oneko gehiengoari, horrela, diru-kutxa puztuz; guztira, egun horretan soilik, 2.000 milioi euroko irabaziak izatera heldu arte.
Orain esango didazue El pueblo salva al pueblo delakoa ez dela egia, eta iragarkiaren bukaeraz, jaun-andreak, ez dut hitz erdirik esango. Zerok ikusi. Baina lepoa egingo nuke telebistako Julian onbera fiskoa bera dela mozorrotuta eta gu, beti bezala, emozionalki manipulatutako txotxongilo mengelak.
Add comment
Comments