2.000 urte inguru dituen inskripzio paleohispaniko bat aurkitu dute Lantzeko meatze inguruan, 18 metroko sakoneran. Lekua eta garaia kontuan izanik, Ikae edo Igae inskripzioa baskonikoa dela ziurtatu ez, baina hipotesirik indartsuena dela azaldu dute adituek. Izan ere, Arnaud Oihenart poetak erabili zuen XVII. mendean ik(h)ai hitza poema batean aldats hitza adierazteko. Aurkikuntza preziatua, Irulegiko eskuarenarekin batera.
Euskarak, ba, iraun du, iraun. Bere forma, grafia eta azentu desberdinetan, iraun du. Gure arbaso guztien heriotzaren gainetik, iraun du. Hormen, gerren, lotsen, burlen, neguen, azpijokoen, inbaditzaileen, supremazismoen gainetik, iraun du.
Aitzitik, azken epai judizialei men egin eta Getxoko hamar udaltzain berrietatik bostek ez dute euskaraz jakin behar izango; gaztelaniaz, bai, ordea. Hara! Espainian bezala! pentsatu dut, han ere ez baitute euskararen beharrik. Eta iruditzen zait EAEn aukeratu ditugun erdipurdiko burukideek geure nortasuna eta arbasoen borroka kinka larrian jartzen baino gehiago, ik(h)aian behera jaurtitzen ari direla, aurpegiera aldatu ere egin gabe, etxe berriak eraikitzeko aspaldiko jauregitxoak eta baserriak botatzen ari diren bezala, politika babesleak indartu beharrean.
Serio ari naiz esaten dudanean mende batzuk barru karbono hamalaua erabili beharko dutela sastrakak jandako graffitietan, kutxa zaharren batean gorderiko hiztegi eta liburuetan, plastikozko pankarta zatiren batean, gaur euskararen eta euskal nortasunaren alde idatzitako hitzetan. Oraingoz, ordea, ahoa beteko zaie abenduaren 3an, txapak jarriko dituzte paparrean eta parte hartuko dute en la Corrica. Euskararen etsai handia baita gaztelania, baina etsaiagoak dira euskara defendatzen eta erabiltzen ez duten (sasi)euskaldun traidoreak.
Add comment
Comments