Txina izan zitekeen, edo Indonesia, edo Haiti. Florida, agian. Baina ez. Valentzia izan da eta, hurbiltasunagatik edo, hemen bizitako 83ko uholdeengatik agian, albisteen men bizi gara egun santu guztia. Triskantzak eragindako kalteen berri izatearen behar hori, uneorokoa, gure erosotasunetik zerbait egin ahal izango bagenu bezala. 60 hildako. 95hildako. 158 hildako. Eta desagertuak? Auskalo.
Hildakoak hildako, desagertuak desagertu, lokatzak lokatz, tenis partida hasia da. Errudunaren bilaketa etengabeak hartu du bere bidea, urak bezala, eta erruaren pilota sarearen alde batetik bestera doan honetan, denetarik entzuteko eta ikusteko prestatu behar ditugu belarriak eta begiak. Errua Mazónena, boterera heldu bezain laster UVE (Unidad Valenciana de Emergencias) kooordinazio zerbitzua kolpe batez kentzeagatik. Errua gobernu zentralarena, bere agindupean dagoen AEMET agentziaren eta Konfederazio Hidrografikoaren aldetik informazio kaxkarra eta berantiarra bidaltzeagatik. Haiek goizean goiz ohartu zituztela eta errua Mazónena, beste behin ere, alerta mezuak biztanleriari garaiz ez igortzeagatik. Errua, errua, errua.
Baina harrigarria badirudi ere, bada Espainia aldean DANA zitalari esker arnas apur bat hartzeko beta izan duenik ere, eta horren adibide garbia da, beste batzuen artean, Sumarreko bozeramale ohia, Íñigo Errejón, indarkeria matxistagatik salatua. Baina, adi, hilabeteetan terapia egiten ibili dela jakin izan baitugu sexu eta droga adikzioak zituela/dituela-eta.
Albiste hau, Valentziako ur lodi eta arreen hondoan ikusezin balihoa bezala, haren fraide aurpegia garbitzeko sortua dela baino ez zait begitantzen niri. Terapiaren kontu horrek iskanbila leundu nahiko balu bezala, errua arintzeko trikimailu bat bailitzan. Haren aurpegiaren argazki bat ikusi eta errukia sentitzeko egina balitz bezala, oka egiteko gogoa bizitu baino besterik egiten ez duenean. Nork esan behar zuen, ezta? Pélicot kasuan nola.
Ur biziak ez dira onak, baina geldoekin izan behar da kontu handien. Ez baitu alferrik esaten esaera zaharrak: Begira adi ur bareti, nihaur niaitek lasterreti.
Add comment
Comments